miércoles, 23 de febrero de 2011

RAPAREN ALDAPA, EUSKAL RAP-ARI BURUZ "BERRIA"-N ARGITARATUTAKO ARTIKULUA


Urteetan nahiko bakarka aritu dira euskarazko rap taldeak, baina azkenaldian ahots berriak azaldu dira hala Nafarroan nola Bizkaian edota Nafarroa Beherean. Gero eta gehiago izan arren, eszenaz hitz egitea gehiegizko iruditzen zaie abeslariei.

Raparen aldapa
IÑIGO ASTIZ.
Iruñea
Ez da lehena, eta ez da bakarra ere, baina ezohikoa da oraindik. Euskara hutsezko zazpi kantako maketa bat kaleratu berri du Goienetxe Anaiak rap taldeak bere web orrialdean. Urriak izan dira halako adibideak orain gutxi arte, baina azkenaldian gero eta gehiago dira euskara eta rapa bateratzen dituzten talde eta bakarlariak. Pixkanaka badoaz ahots berriak agertzen, badoa eszena moduko bat sortzen. ZKH abeslariak (Goienetxe Anaiak) azaltzen du gorakada 24 abestian: «Gutxinaka aldatzeko, hobetzeko,/ euskal musikaren mapa/ prest gaudela jadanik / hona hemen euskal rapa / igotzen ari da aldapa/ rapero naiz rapagatik, ez edukitzegatik plaka / gorantza goaz, bai, tipa tapa tipa». Handiegia izan gabe ere, euskal rapak egun badu bere mapa. Maiz Goienetxe Anaiak-en maketaren pareko pieza txikiz osatua bada ere, hazten doa mugimendua txatalez txatal.

«Orain urte batzuk biziki laburra izanen zen euskal raparen mapa horri egin beharreko bisita». Jon Eiherabideren hitzak dira. Ongi daki zertaz ari den, M.A.K. taldeko abeslaria da, eta Selektah Kolektiboak hasitako bidean sakontzea egokitu zitzaien. 2005ean Selektah desegitean -Daddy Jeff abeslariak jarraitzen du rap doinuan-, bakarka hartu zuten haren lekukoa, alboan beste talderik ez zutela. Hiru disko eta zuzeneko bat kaleratu dituzte, eta lehen euskarazko rap taldea osatzen dute. «Sumatzen genuen hasiera hartan gauzak ari zirela mugitzen, baina zehazki gauza gutxi jasotzen genuen. Orain, aldiz, bakoitzak ateratzen du bere maketa, eta uste dut zazpi bat talde ari garela euskaraz».

Ez dabil oso oker. Hori da argazkia. Gutxi gorabehera, hori da egun euskara hutsean-edo ia rapean dabiltzan abeslarien kopurua. Lehen baino gehiago, ezbairik gabe, baina gutxiegi oraindik, eszena sendo batez hitz egin ahal izateko. Hori da, behintzat, Aritz Sound System Selektah Kolektiboko kide ohi eta musika beltzaren sustatzailearen iritzia. «Lehen diskoa atera genuenean pentsatzen genuen hura kaleratu eta berehala talde pilo bat sortuko zirela, baina ez zen horrela izan. Guk nahi baino mantsoago doa hori, eta gu erretiratzean hasiko da hemen mugimendua», dio txantxetan. Hasiera batean rapak izan zuen harrera txarrarekin lotzen du horren arrazoia. «Hemen rapa ez zegoen oso ongi ikusita, eta euskararentzat arriskutzat hartzen zuten zenbaitek».

Militantzia eta inbertsioa

Euskaraz rapean aritzen diren labealdi berriko kideak entzunda, ordea, argi dago hautu horrek baduela zerbait euskararen aldeko militantziatik eta hurrengo belaunaldiei begira eginiko inbertsio moduko zerbaitetik. Hori da Barakaldoko (Bizkaia) 121 Krew taldeko kide eta bakarkako disko bat prestatzen ari den Maisha MC entzunez sumatzen dena. «Nik euskararen alde hartu nuen euskaraz rapean aritzeko aukera. Bi hizkuntzak maite ditudalako: hip hopa eta euskara». Mugarri bat izan zen hizkuntza aldaketa bere kasuan. «Aldaketa handia izan zen guretzat euskara hutsezko Guztiok bat... euskal rap! izenekomix-tape-a ateratzea. Eta egun, kontzertuetan %90 egiten dugu euskaraz. Ondorio onak eta txarrak izan ditu horrek, noski, publikoaren aldetik, ez baita gauza bera Gipuzkoan edo Nafarroa Iparraldean jotzea, edo Barakaldon jotzea, gure etxean, alegia».

Bilbokoa da Norte Apache taldea, eta hark ere etsaia izan du ingurua, Rayco abeslariak aipatu duenez. Aurrez gaztelaniaz arituta, 2005ean erabaki zuen Kanporatzea debekatuamaketa euskara hutsez ateratzea. Erdarazko hip hoparen munduan sumatu zuen euskararekiko errespetu faltak bultzatu zuen urrats hori egitera. «Esaten zidaten euskaraz rapean aritzea zailagoa zela, musikalitatea eta erritmoa ez zirela egokiak... Nola ezetz?, esan nion nik neure buruari, eta hala hasi nintzen; erantzun gisa». Urteetako lanarekin errespetua irabazi dutela uste du. «Kontzertuen maila gorantz doa, jendeak ezagutzen zaitu, erdaraz aritzen direnak ere hurbiltzen dira, saiatzen dira haiek ere zerbait euskaraz egiten... Izugarrizko lana egon da horren atzean, eta bagoaz aurrera».

Orainerako beste ari dira etorkizunerako euskal rap kantariak. Hala dio Raycok: «Hurrengo belaunaldiek rapa maite badute, euskaraz ere aurki dezatela. Hori da helburua. Ez dakiela gertatu guri gertatu zitzaiguna: euskal rapa bilatzen hasi eta Selektah Kolektiboa bakarrik aurkitzea». Zenbat eta jende gehiago aritu, orduan eta kalitate handiagoa izango da. «Ateratzen den talde berri bakoitzak maila pixka bat igotzen du, eta horrek behartzen zaitu maila horretara iristen saiatzera. Badago halako lehia sano bat, eta lagungarria da».

Errespetua aipatzen du berriz Raycok eszenaz hitz egiteko. «Badago rock eszena ikaragarria, folk eszena nahiko handia, baina ez dugu euskal hip hoparen eszenarik oraindik. Ez gaituzte oraindik serioski hartzen». Aldatu egingo da hori, ordea, Bunuzeko (Nafarroa Beherea) herriko Ezkiota taldeko Txominen ustez. Punk mundutik pasatu da rapera, eta bere lehen lana kaleratuko du hemendik hil pare batera. «Rapa da aurrerantzean euskal rockak izanen duen onena. Azkar murriztu da euskal rockaren arrakasta, eta rapak huts hori bete dezake».

Konpromisoko hitzak

Badu lotura euskarazko rapak rockarekin. Txosnak, gaztetxeak, tabernak... rockak duen ibilbide bera da euskal raparena ere. Eta badu zerbait rockaren jarreratik ere. Erdarazko irrati komertzialetara heltzen diren rap kantarien mezu hedonista eta hutsak bazter utzi, eta konpromisoaren aldeko hitzak dira nagusi euskarazko rap kantarien artean, salaketakoak. Eiherabidek azaldu du argien jarrera hori: «Oraindik Euskal Herrian hip hoparen hasieran gaude, eta ez da komertzializaziorako tarterik izan. Konpromisoarena da gehienok hautatu dugun bidea. Egun batez Euskal Herrian komertzializazio maila horretara heltzen bagara, pena izango da, eta beste estiloren bat hartu beharko dugu». Bidea bezain garrantzitsua da mezua harentzat.

Baita Aritz Sound Systementzat ere. Konpromisoarekin loturiko rapa zen Selektah Kolektiboak hedatu nahi zuena, eta, dioenez, hori izan da euskal rapak hartu duen bidea. «Euskaldunak urte askotan egon gara baztertuta, eta oraindik ere bagaude zentzu askotan, eta horrek behartzen gaitu beti aurre egitera. Euskaraz bizi denak eta euskaraz sentitzen duenak gauzak beste modu batera ikusten ditu, eta abesterako orduan ere ikusten da hori».

Rapak euskarari beste eman diezaioke euskarak rapari, Aritzen ustez. Bertsolaritza eta raparen arteko uztarketa aipatu du, eta baita azken urteetan sortu duten Bertso Sound System ekimena ere. «Rapa hizkuntza bat da, funtsean, eta denborarekin zabalduz joan da. Euskal Herrira iritsi da, eta egiten dio bere ekarpena euskal kulturari, eta euskal kulturak ere egin diezaioke raparen kulturari. Bertsolaritza eta rapa uztartzea, adibidez, Hori ez da hemen beste inon egiten». Hor dago harreman horri buruz Xabier Silveirak eginiko MC Txirrita izeneko dokumentala ere.

Raparen porositatea

Bi mundu horien uztarketaren emaitza da 2zio taldeko Odei Barroso. Rap kantaria da bertsolaria baino gehiago, dioenez, baina rap kantaria eta bertsolaria edonola ere. Bere lehen diskoa prestatzen ari da, eta aurrekoei begirunez begiratzen badie ere, bertsolaritza ikasketei esker bere bide propioa lantzen dabil. Hortik hartu omen ditu bere armak, baita erdarazko rap kantarien teknikatik ere. «Selektah entzuten nuen txikitan, eta maite nuen anitz, hori zen ezagutzen nuen euskarazko rap talde bakarra. Baina nik uste dut erreferentzia handirik ez dugula izan hartatik. Guk anitz maite dugu errimak lantzea, eta Selektah-koek ez zuten hainbeste lantzen. Badaude arlo hori asko lantzen duten Espainiako rap kantariak, eta nik uste gehiago hartu dugula hortik eta bertsolaritzatik Selektahtik baino, haiei meriturik kendu gabe».

Bertso eskoletatik heldu da Goienetxe Anaiak taldeko ZKH abeslaria ere. Askatasun handiagoa aipatzen du, halere, raparen alde; porositate moduko bat. Zergatia azaldu du, erdi inprobisatuz erdi kantatuz. «Bertsotan ez duzu inoiz entzungo, adibidez, 'ei, zer zabiltza gaurko honetan, janzten modan, dirudizu Michael Jordan'. Bertsotan ez da halakorik egiten, normalean, Jordanekin errimatzea ez da ohikoena. Edo kanta berri batean sartuko dugun beste hau: 'Ez naiz Woody, ez Rudy, baina bete dut Highbury...'. Bertsolarien ohiko errimategian ez dago halakorik. Markak, aldizkarien izenak... erreferentzia horiek ez dira hainbeste erabiltzen. Bai, ordea, rapean».

Behin eta berriz agertzen dira horregatik eguneroko errealitateari aipamen egiten dioten hitzak euskal rapean. Rodolfo Ares, Mikel Goñi, Miguel Sanz, Barakaldoko kaleak... Munduak ere badu sarbiderik, eta hor dira tamil tigreen borrokak M.A.K.-en abestietan, adibidez, edo baita George Bush eta New Orleanseko istorioak ere.

Esperientziak batzeko saioak ere badira martxan: Euskal Herriko Hip Hop elkartea, adibidez (www.myspace.com/euskalherrikohiphop). Hala ere, guztiz osatu gabe dago oraindik eszena. Maisha MC abeslariak gogorarazi duenez, maldan gorakoa da euskal raparen mapa, baina baikor izateko azken datu bat eman du: «Harrigarria da, baina M.A.K. eta 2zio Ipar Euskal Herrikoak dira, gu Barakaldokoak, Selektah Kolektiboa eta Goienetxe Anaiak Nafarroakoak... Euskara galduta edo galtzear den tokietan, hor dago euskarazko rapa». 
Ahotsez ahots


M.A.K. 

www.myspace.com/makhiphop. Gaur egun martxan den euskarazko rap talderik beteranoetariko bat da, baita lehen euskal rap banda ere. Hiru disko kaleratu dituzte, Suari darion kea (Metak), Suaren garai, errauts errekai eta Hauts eta errauts erremix, baita zuzeneko bat ere, bideo eta guzti. Wu Tang Clan eta The Roots aipatzen dituzte erreferentzien artean. 

121 Krew. 

www.myspace.com/121krew. Grafitero talde gisa sortu zen Barakaldon, eta rapera egin zuen jauzi 121 Krew taldeak. Musikerria diskoetxearekin kaleratu du euskara hutsezko kantak biltzen dituen Guztiok bat... euskal rap! Mixtape Vol.1 diskoa, eta bidean du berria: Hiriaren taupadak. 

Norte Apache. 

www.myspace.com/norteapache. Rayco, Ibon eta Aitor dira abeslariak, eta Hesiaren beste aldean diskoa kaleratua dute Musikherria diskoetxearekin. Kanta berriak prestatzen hasi dira, baina oraingoz disko zaharrekoak dira beren orrialdean entzun daitezkeenak. 

Goienetxe Anaiak. 

www.myspace.com/goienetxeanaiak. 2009an sortu zuten Mr. Fru, ZKH eta DJ Biguriak, eta orain dela astebete kaleratu dute beren lehen maketa: Heriotz artio. Salaketa ez ezik, umorea eta inprobisazioa ere egiten dituzte zuzenekoetan. Horiek dira talde nafar horren bereizgarrietako batzuk. 

Maisha MC. 

www.myspace.com/maishahh. 121 Krew taldeko kidea da Maisha MC, baina euskara hutsezko bakarkako proiektu bat ere badu bidean. Prest ditu kantak, baina oinarri instrumental berriak egiten dabil orain, eta datorren urterako nahi luke kalean bere maketa.Rapeatzen (duen herri bat ez da inoiz hilko) izango du izenburua. 

2zio. 

www.myspace.com/biziorap. Odei Barrosok eta Gorka Rodriguezek osatzen dute taldea. M.A.K. taldeko kide ohi Jo ari da base musikalak sortzen, eta oraingoz zortzi kanta dituzte prest. Hamabi edukitzea dute helburu. Bakarra entzun daiteke oraingoz beren web orrian, etorriko denaren aurrerapen gisa. 

Basque Rap Conspiracy. 

www.myspace.com/basquerapconspiracy. Oraindik ere lantze bidean da euskara hutsezko rap talde bat eratzeko proiektu hau. Martxan jartzean ere itzalean egoteko asmoa dute. Aurrerapen kanta bat badute, halere, Interneteko beren web orrian. 

Ezkiota. 

Txomin da Ezkiota taldeko abeslaria, eta Bunuzekoa (Nafarroa Beherea) da; hilabete bat edo bi barru izango du prest bere lehen lana: Lehen tragoa. Oraingoz lagunei banatuta soilik ezagutarazi du bere lana. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario